2011/04/20

Eguzkilorea


(Web orri honetatik ateratako irudia).

Eguzkilorearen leienda
Orain dela milaka eta milaka urte, gizonak munduan zehar zabaltzen hasi zirenean, ez zen ez eguzkirik ez ilargirik. Gizonak eta emakumeak ilunpetan bizi ziren denak, zaldi hegalarien edo herensuge erraldoien itxura hartuta lurraren erraietatik ateratzen ziren mamuek izuturik.
Gizakiek, lurrari laguntza eskatzea deliberatu zuten, etsimen hartan.
-Amalur, lur ama-erregutu zioten-, arren eskatzen dizugu, babes gaitzazu hondatu behar gaituzten arriskuetatik.
Lurra lampeturik zebilen erabat, eta ez zien jaramonik egin gizakiei; haiek, ordea, ez zuten atertzen, eskatu eta eskatu, eta azkenean gogoan hartu zuen eskatzen ziotena.
-Laguntzeko eskatzen didazue, seme alaba nireak-esan zien-, eta lagunduko dizuet. Izaki argitsu bat sortuko dut, eta ilargi deituko diozue.
Eta lurrak ilargia sortu zuen. Hasieran izu-izuturik zeuden horrekin gizakiak, eta beren haitzuloetan gordeta, hartik irteten ausartzen ez zirela, baina berehala ohitu ziren haren argitan ibiltzen.
Gizakiak bezala, jeinuak eta sorginak ere oso izutu ziren zeruan argizko gauza hura ikusten hasi zirenean, baina haiek ere ohitu egin ziren, eta berehala hasi ziren haiek ere beren leizeetatik irten eta gizakiei erasotzen.
Berriro joan zitzaizkion gizakiak lurrari erreguka.
-Amalur- esan zioten-, esker guztiak ematen dizkizugu ilargi amandrea eman diguzulako, baina zerbait indartsuagoren beharra dugu, lurpeko jeinuak ari batzaizkigu oraindik.
-Ongi da-erantzun zien lurrak, ilargiak baino ere argi gehiago duen izaki bat sortuko dut. Eguzki deituko diozue. Eguzkiak eguna egingo du, eta ilargiak gaua.
Eta lurrak eguzkia sortu zuen. Hain zen handia, hain argia eta hain beroa eguzkia, non oso geldiro ohitu behar izan baitzuten gizakiek haren argitara, baina pozgarria izan zen benetan hura, zeren haren beroari eta haren argiari esker landareak eta zuhaitzak hazten hasi baitziren. Mamuek eta sorginek ezin izan zuten, ordea, egunaren argitasunera ohitu, eta harrezkero gauez baizik ez dira ateratzen.
Berriro joan ziren gizakiak lurrarengana.
-Amalur-esan zioten-,pozik gaude eta eskerronez ama ilargia eta ama eguzkia eman diguzulako, baina beste zerbait behar dugu oraindik, zeren, nahiz eta egunez den bitartean arazorik izan ez, gaua datorrenean, mamuak beren leizeetatik ateratzen dira eta erasoka hasten baitzaizkigu.
Lurrak abegi honez entzun zituen honetan ere gizakien eskariak.
-Ongi da. Berriro lagunduko dizuet, baina hau izango da azkena. Lore bat sortuko dizuet, guztiz ederra, hain ederra ere, non gaueko mamuek ikusten dutenean Eguzkia bera dela usteko baitute, eta bakean utziko zaituzte.
Eta lurrak eguzkiaren lorea sortu zuen, eguzkilorea, gaur egunean oraindik gure etxeak mamu gaiztoetatik, sorginetatik, lamietatik, gaixotasun ekarleetatik, ekaitzetatik eta tximistatik babesten dituena.
(Argazki hau web orri honetatik atera dugu).

Eguzkilorearen kondaira hau Toti Martinez de Lezearen “Euskal Herriko leiendak” liburutik aterata dago, baina guk web orri honetatik atera dugu. Oso leienda polita eta interesgarria dela iruditzen zaigu, eta horregatik gure blogean bere lekutxoa merezi zuela pentsatu dugu.
Eguzkilorea, Euskal Herrian oso ezaguna den landarea da. Gure inguruko mendietan aurkitu dezakegun espeziea da. Balore natural zein kultural handiko landarea dugu. Aintzinatik erabili izan da euskal etxeak babesteko, eta gaur egun ere, nahiz eta babestuta dagoen espezie bat izan, eta ondorioz, hartzea debekatuta dagoen arren, gure herrietako etxe askoren ateetan zintzilik ikus dezakegu. Eguzkilorea, Euskal Herrian babestuta dauden landare espezien artean adibide giza jarri daiteke  umeek ezagutu dezaten, aipatu dugun bezela, haren balore kulturalak eta naturalak oso garrantzitsuak direlako. 

Landareei buruzko bideoak


Aurreko bideo hau web orri honetatik atera dugu. Ikasle batek egindako bideoa da hau. Bertan agertzen diren kontzeptuen artean dauzkagu: landareen atalak, landareek bizitzeko behar dutena, zuhaitzen atalak, hauen bizitza zikloa (lorea, frutitua, hazia....), zuhaitzen zenbait adibide ere eman ditu, alde batetik hosto-erorokorrekoak eta bestetik hosto-iraunkorrekoak, eta amaitzeko zenbait loreen izenak ematen ditu. Beraz, landareen gaiari gainetik birpasa bat ematen dio ikasle honek bideo honekin.
Ideia ona iruditu zaigu antzeko bideo bat egitea Haur Hezkuntzako umeekin landareen mundua lantzeko. Ikasleak bideoan jarri duen musika gustatu zaigu baita ere. Antzeko bideo bat Haur Hezkuntzako umeei  jarri ezkero, irakaslearen azalpenekin batera joan beharko litzake.


Hona hemen Euskal Herriko zuhaitzei buruzko bideo bat. Hau web orri honetan aurkitu dugu. Zuhaitz espezie ugari agertzen dira, baliagarria izan daiteke irakasleek espezie desberdinak ikasteko ere! Guri asko gustatu zaigu!


Elefanteen ipuinak

(Ipuin hau web orri honetan aurkitu dugu).

ELEFANTEA ETA ERBIA IPUINAREN BIDEOA
Mikel Martinezen ipuin honetan lau pertsonaia nagusi ateratzen dira: erbia, elefantea, mozoloa eta xagua. Oso era egokian eta dibertigarrian kontatutako ipuina dela iruditzen zaigu, narratzaileak baliabide ugari erabiltzen ditu entzulearen atentzioa bereganatzeko: onomatopeiak, pertsonaia desberdinen karakterizazioak...
Elefantea eta Erbiaren ipuin hau egokia iruditzen zaigu umeekin animaliak lantzeko, haien zenbait ezaugarriei buruz hitz egiteko ateak irekitzen bait dizkigu: tamaina, bizilekuak, elikatzeko moduak... Esatekorik ez dago ipuinak hizkuntza lantzeko tresna paregabeak direla, entzumena alde batetik eta ahozkoa bestetik, ipuina denen artean komentatuz adibidez, umeei egin diezaiekegun galderen bitartez... Denboraren kontzeptua lantzeko erabili daitekeela uste dugu baita ere, istorioa entzun ondoren egin diezaiekegun galderen bitartez: "zer gertatu da ondoren? eta aurretik? eta gero?"... Gainera, istorio hau bizitzan gerta daitezkeen gatazka desberdinen konponketei buruz aritzeko baliagarria izan daitekeela iruditzen zaigu. "Txikienek batzuetan handienak menperatu ahal dituzte, batzuetan..." esaldiarekin amaiera ematen dio Mikel Martinezek aurreko bideoan kontatu duen ipuinari baina gure ustez, esaldi honek arazoen konponbideei buruzko hausnarketa bati hasiera eman diezaioke.  


Hona hemen Elefante Txiki izenburua duen beste ipuin baten bideoa!!! Oso polita!!!

(Bideo hau web orri honetatik atera dugu)

2011/04/13

Euskal mitologia eta natura

Anboto mendia izen bereko mendilerroa menderatzen duen tontorra da. Bizkaiko laugarren mendirik garaiena da, 1.331 m baititu. Araba eta Gipuzkoako mugak oso gertu ditu, hiru herrialdeen arteko lurraldean egonda, Durangaldeko eskualdean kokaturik.


Anboto mendia, Arrasteko Udala auzotik

Anbotoko Mariren kondaira
Haurrek oso gustokoa dute Euskal Herriko mitologiari buruzko kondairak. Guztien artean ezagunena Anbotoko Dama Marirena da, zalantzarik gabe.
Hona hemen kondaira horren laburpentxo bat, haurrei kontatzeko aproposa izan daitekena:



 
Mari euskal mitologiako jainkosa nagusia da. Anbotoko Mari, Anbotoko Dama eta
Murumendiko Dama izenak ere hartzen ditu.
Mari, Ama Lurraren irudikapena, izadiaren eta bertako elementu guztien erregina da. Bi ume izan zituen Majur senarrarekin: Mikelats eta Atarrabi; Majurekin elkartzen denean sekulako ekaitzak sortzen ditu. Mariren etxea leizea da. Etxe asko ditu Marik, eta denak gure mendietan: Anboton, Oizen, Mugarran, Aketegin, Aizkorrin, Txindokin, Murumendin, Gorbeian eta abar. Mari lur barrutik kobazuloetan zehar mugitzen denean, ahuntz edo oilo hankak izaten ditu; eta leizeetatik ateratzen denean, emakume eder moduan azaltzen zaigu. Dama elegantea eta ederra da Mari, lurpekoen andere, trumoi eta tximisten gidari, aberatsa eta ibiltaria: zazpi urtetik zazpi urtera mugitzen da leize batetik bestera argi biziz inguraturik, suzko bola baten moduan; lau zaldik eramandako gurdi baten gainean, edo ilargi betearen aurrean ere ikusi izan dute. Urrezko orrazi batez orraztu eta orraztu dihardu egun guztian. Badaki gaiztoak zigortzen eta zintzoak saritzen. Gezurra, lapurreta, harrokeria gaitzesten ditu; eta hitza bete, elkar onartu eta elkarri laguntzea eskatzen du. Gaiztoei uztak hondatzen dizkie, eta zintzoei lurreko emaitzak ugaritzen, iturriko ur onak ematen. Mariturri dute izena halako iturri batzuek. Anbotoko damaren leizera joaten ziren urtero inguruko artzainak, arkumetxo edo antxume bana eskuetan haren laguntzaren eske; urtero opari bat eroateko ohitura zen. Kobazuloetara txanponak eta harriak botatzen ziren Mariren omenez. Gehien gustatzen zaion oparietako bat aharia da. Bere ohe buruan bat daukala esaten dute eta haren adarrak harilkai erabiltzen dituela. Mariri beti hika egin behar zaio. Ezin da bere aurrean eseri, eta bere kobazulotik sartutako eran atera behar da.

2011/04/12

Udazkena

Haur Hezkuntzako ikasleekin urtaroak landu behar dira, udaberria, uda, udazkena eta negua. Guk oraingoan udazkenari buruz arituko gara. Interneten urtaroak lantzeko baliabide desberdinak aurkitu daitezke. Hona hemen web orri honetatik atera dugun bideoa. Honetan, ikastetxe bateko umeek udazkenari buruz egin dutena agertzen da. Gai desberdinak landu dituzte: udazkeneko fruituak, barazkiak, koloreak.... plastikako teknika desberdinak erabili dituzte: collageak, koloreztatu... amaieran bertsoak bota dituzte baita ere!... Oso interesgarria iruditu zaigu!




Hona hemen udazkenari buruzko beste bideo bat. Honekin zuhaitz hosto-erorkorrak eta hosto-iraunkorrak ezberdintzen ikasi dezakegu. Guri asko gustatu zaigu! Ikusi ea ze iruditzen zaizun!



(Bideo haur helbide honetan aurkitu dezakezu).


Udazkena lantzeko abesti potit bat aurkitu dugu ondorengo helbidean: http://musicatono.com/escuchar/Mamu%20Ttikien%20Kantuak%20Udazkeneko%20Fruituak/6ff676c 
Abesti hau Mamu Ttikiak taldearena da. Bertan sagarrak, mahatsak eta gaztainak aipatzen dira. Haur Hezkuntzako umeekin abesteko eta dantzatzeko egokia iruditzen zaigu.  


Udazkeneko fruituen gaiarekin jarraituz, hona hemen BI URTXINTXAK izenburua daukan ipuinaren bideoa. Bideo hontan istorioaren irudien sekuentzia agertzen da, andereino batek ipuina kontatzen duen bitartean, atzetik musika klasikoa entzuten delarik. Irudiak oso politak eta erakargarriak dira, istorioa oso ondo kontatuta dago eta mezua gustatu zaigu baita ere. Beraz, ipuin bikaina da hau, goza ezazu!

(Lotura honetan aurkitu daitekeen bideoa).




Zenbat animali !!!!


Web orrialde honetan topatutako bideoa dugu hau. Mendiako eskolako 2.mailako ikasle etorkinek eginiko animaliei buruzko aurkezpena da. Bertan anfibioak, ugaztunak, narrastiak, hegaztiak, arrainak eta intsektuak agertzen dira. Bideoan, talde bakoitzaren ezaugarri nagusienak aurkeztu dituzte eta talde bakoitzeko zenbait animalien irudiak ere ipini dituzte. Akatsak dauden arren, eta agertzen diren animalia batzuk hemengoak ez diren arren, ikastetxe batean lantzeko ideia ona iruditu zaigu. 2. mailako ikasleekin egiteko jarduera egokia dela uste dugu eta hauek, Haur Hezkuntzako haurrei aurkeztu eta azaltzeko erabili daitekeena. Jarduera hau natura, musika eta teknologia berriak lantzeko egokia dela iruditzen zaigu.

Bestalde, beste web orri honetan Euskal Herriko animalia batzuei buruzko kontakizun bat aurkitu dezakezue. Azalpenean, euskal abereei buruz aritzen da batez ere, entzun ea gustatzen zaizuen!

Animalien artean, txakurrak dira gure lagunik leialenak eta txakurren artean, Pintto dugu ezagunena. Lotura honetan aurkitu dugu Pinttori buruzko abesti famatuaren bideoa. Abesti hau, Txirri, Mirri eta Txiribitonek abesten dute, eta kantaren letra irakurtzeko aukera ematen digu bideoak ikusi eta abesten dugun bitartean. Denak abestera !!!!


Zenbakiak eta animaliak aldi berean landu nahi izanez gero, hona hemen horretarako bideo bikaina!


(Bideo hau web orri honetan aurkitu dugu).

2011/04/11

Animalien Ipuinak

Ipuinak baliabide egokiak iruditzen zaizkigu umeekin gai desberdinak lantzeko eta ingurumen hezkuntzaren barnean, animaliak lantzea ezinbestekoa dela uste dugu. 
Hau guztiagatik, interesgarriak iruditu zaizkigu orrialde honetan animaliak lantzeko aurkitu ditugun ipuinak. Hiru urtetik aurrerako umeentzako bost liburu dira. Ipuin bakoitzak protagonista desberdin bat dauka: katagorri bat, mapatxe bat, loreak, manta bat, eta hartz bat. "Animalien Ipuinak Vol. 4" izeneko bildumaren barruan aurkitzen diren ipuin hauek haurren imaginazioa zabaltzen dute, naturari buruzko informazioa ematen dute eta zenbait balore transmititzen dituzte.
Ondoren, ipuinen izenburuak aipatu eta argumentuak laburki azaltzen dira:
  • "Bustan-laster katagorria": Bustan-lasterrek basoko gainerako animaliak gutxiesten zituen etengabe, bere abiadura zela-eta, baina lezio gogor bat jasan zuen.
(Web orrialde honetatik lortutako irudia)

  • "Ilargi, Mapatxe ausarta": Ilargi mapatxeak askatasunaren bila jasan behar izan zituen abentura eta arriskuak. Adore eta borondatearekin zailtasun guztiak gaindi daitezke.
  • "Lorien expedizioa": Lorien txangoa antolatu dute. Han, suge adarjole batek lezio ederra jasoko du ama elefantegandik. Eta lezio horrek erakutsiko die loreei, etzaiela besteei txantxa-astunik egin behar.

(Web orrialde honetatik lortutako irudia)
  • "Olaia, manta arraia": Hegaztien modura hegan egin nahi izan zuen manta-arraiaren ipuina da. Zoriontsu izateko nork bere burua onartzen jakitea eta beronekin pozik egotea oso garrantzitsua dela ikasi zuen.
  • "Negurako ipuina": Wakan hartz eme ahaltsuak, ahulago direnak errespetatzen ikasi zuen. Oso indartsu izan arren, beti izango da garai zaitzakeen norbait.